Abenduaren 3a, Euskararen Eguna

01/12/2023

Euskara edonon dago, zu bertan zauden guztietan. Euskara gainean daramazu, gorputzaren zirrikitu bakoitzean. Euskara zure hatzamarren arteko airean dago eta zure ilea nahasten duen haizean. Zure zentzu guztiekin somatu dezakezu; txikia zinenean amonak egiten zituen babarrunen usainean dago euskara, eta baita txuri-beltza zen txakur baten inguruko abesti baten doinuan ere. Udazkeneko gaztain zaporean dago euskara, eta igotako mendi guztietako harrien ukitze latzean.


Izan ere, zure hizkuntza zuregan topatu dezakezu edonon. Zure azalean, zure belarrietan eta, nola ez, zure bihotzean. Bizitza oso bateko oroitzapenak, sentimenduak eta mugarriak hizkuntzarekin bat doaz beti, ezin hitzak eta momentuak banatu, hitz bakoitzaren soinua, oroitzapenei lotutako kolorea, dena dator bat. Euskara zure bizkarrean duzu, esandako (eta esan gabeko) hitz guztien lekuko, gogotsu bizitako momentu guztien oroitzapen.

Euskara zure eskuetan duzu, hatzamar guztietan, ikututako bazter guztien arrastoan. Eta nola ez, euskara zure esku dago, zuk ematen diozu bizitza. Euskara leku guztietan dago, baina zu gabe ez doa inora.

Emaiozu lekua euskarari.

Euskara leku guztietan dago, baina zergatik ez dago zure ahoan? Euskarak ez zaitu inoiz utziko, ez ezazu zuk abandonatu.

 

Lo último que hemos escrito:

Introduce tu correo electrónico para suscribirte y recibir las últimas noticias:

Etiquetas

Categorías